Skip to content

« Eraikitzeko eskubidea mugatu, gehiegizko urbanisazioa saihestu, nortasuna zaindu eta herriaren laborantxa izaera berretsi » hauek ziren Elgarrekin Kanborentzat zerrendaren proposamenak 2014ko herri hauteskundeen programan. Urte bereko, martxoaren 12ko gaualdian, zerrenda buruak, Vincent Bru jaunak, BIZI!k proposatu zuen paktuaren 6 puntuak izenpetu zituen, besteak beste bere burua engaiatuz zirkuitu laburren garatzeko, eta biologikoan ari nahi duten laborarien laguntzeko.

 

18 hilabete berantago, 2015eko uztailaren 20eko herri kontseiluan (bilduma osoa gure webgunean) PLUaren aldaketa bideratzen zuten, 2 lur ahal bezain fite eraikigarri bilakarazteko, jadanik berrazterketa bat abiatua izanik ere. Zendako horrelako presa ? Auzapez jaunak, aldaketa hau Finantzietako axuantaren, DEVEZE jaunaren, presazko galderaren ondorioz heldu zela ohartaraziz, 18 bizitegi sozial eta ekonomia gune baten sortzeko zela erranez, osatu zuen bere argumentazioa. Hala nola Bru jauna, eta herri elkargoa lurraren parte baten erosteko interesatuak diren. Alta erosketa horren inguruan ez da neholako eztabaidarik, edo deliberorik izan herri elkargoan. Artetik azpimarra dezagun, 89 bizitegiko proiektua, SALAGOITY COLBERT-ek (lurraren jabeek) hautatu promotoreak, KAUFMAN AND BROAD ek eramanen duela.

 

Auzapez jaunak azpimarratu du, hunkiak izanen diren lur jabeek ez zutela herriko etxearen posizioa ulertuko, 2009/11/09an onartua izan zen PLUaren osaketan, 2AU eremuak, 1AU bilaka daitezkeelako, eta ondotik UC (eraikitzeko baimena ematen duena). Oroit, 2014ean bozkatua izan den ALUR legearen arabera, zeinen helburua urbanisazioaren hedapenaren mugatzea den, argiki agertzen dela 9 urte baino gehigoz, 2AU gisa sailkatuak diren eremuak (ainitzetan lur jabeen presioaren ondorioz) berrazterketa eta ez aldaketa ukan dezaketela. Presa hortik heldu da dohaika.

 

NAHI DUGUN HERRIA ko hautetsiek bistan dena kontra bozkatu dute eta jakinarazi nahi dute gehiengoko 6 hautetsik ere horrela egin dutela : axuanta batek, eta delegazioa duten beste hiru abstenitu dira (ze pena tokiko berriemailea ez zela hor : prentsa bildumarik ez da agertu)

 

 NAHI DUGUN HERRIAk kontra bozkatu du ondoko arrazoinengatik :

 

– Urbanisazioaren hedapen masiboaren kontra borrokatzeko

 

– Ehundaka etxe eta apartamendu salgai direlarik Kanbon, herritarren beharrei erantzuten ez dieten erresisdentzien eraikitzea geldiarazteko

 

– Laborantxa eremuen babesteko eta bultzatzeko ; gaur egun lur horietan laborariak lanean ari dira, besteak beste instalatzen ari den laborari gazte bat . Azpimarratzekoa da herri ainitzetan, lurraren lehen betebeharra gogoan (hazlurra) 2AU eremuak laborantxa eremu edo eremu natural izendatzen dituztela, kontrako bidea hartuz.

 

– Hautetsien laguntzarekin, partikular batzuek gure LURRA saltzeko parada emanen dien proiektu horren salatzeko, denen interesaren kaltera saltzaile batzuen espekulazio nahia hobetsiz. Aldaketa hori noren interesen alde joanen da, aldaketa eskatu duen LADEZEN alde, SALAGOITY COLBERT lur jabeen alde, KAUFMAN AND BROAD promotoreen alde ?Nork daki.

 

Azken informazioa, lur horiek Marienia zentroa pasa eta Itsasura doan bidearen ondoan dira. Eskuinean ekonomia gunea, ezkerrean 89 bizitegi : 18 bizitegi sozial eta 71 erresisdentzia ikaragarriko prezioan !! Kanboarrek maite dugun eremu batean suntsitzea, dudarik gabe.

  

Espero dugu gure artean izanen zaretela ondoko asteetan iraganen diren ekintzetan.