2017ko Abenduko oposizioko orria
Hirigintza tokiko plana (PLU) -ren berrikusten, bete betean ari dira, lan bilkuretara ez gira gomitatuak eta gehiengoko taldeak Herriko etxean dokumentuen begiratzeko eskubidea ukatu digu.Alta, heldu diren 15 urteetarako, hirigintza mailan jokatzen dena ezin inportanteagoa da. Gure herria, ainitzek gutiziatzen duten eremuan kokatzen da, eta horrek lanjeran ezartzen ditu :
– kalitate handiko laborantxako lurren erabiltzea. Lur horiek, PLUaren berrikustearen ondorioz eraikigarriak bilakatuko baitira. Laborantxak behar dituen lur horiek kenduz, aktibitate ekonomiko hau ahulduko dugu eta hurbileko eta arrazoizko laborantxa batetik sortzen diren elikagaiak ukaiteko bideak galduko ditugu.
– heldu diren belaunaldientzat etxebizitza duinak eta prezio onargarrian ukaitea.
Galdegiten dizuegu denei, adi egoitea eta 2018ko lehen hiruhilean iraganen diren inkesta publikoetan zuen bozak entzunaraztea.Gure herriaren geroa hor erabakiko da eta zuen laguntzarekin, nahi ditugu lurrak babestu, hirigintzaren inguruko hautuetan aktiboki parte hartu. Berrikusketa hau, kanboarren interes orokorraren zerbitzuko egin behar dugu, laborantxarako lurrak atxikiz (lur horiek elikatzen gaituztelako), ekologia eta ekonomia arauak errespetatuz… ezin ditugu lurrak galdu, gutti batzuen interes bakarragatik. Hiritar gisa, ardura badugu hortan.
St Joseph parkean, jostaleku zoragarria dugu, galdeginen dugu zentrotik at diren bizilekuetan ere indar bat egina izan dadin (Donapetria auzotegian, Behereko plazan,..), Kanbo ez baita bere erdigunera mugatzen.Departamenduak proiektu deialdia egina du, gehiengoko taldekoek animazio aterbe baten eraikitzea erabaki dute. Salatu nahi dugu, hein honetako inbertsioa galdegiten duen asmo batentzat, herritarren iritzia ez dadin galdegina eta bildua izan. Kokalekuak ere harritzen gaitu, herriak, herri elkargoko konkurtso fondoak eskuratuak baitzituen beste lur sail baten erosteko (oroitaraz dezagun konkurtso fondoak lurra erosteko erabil daitezkeela bakarrik ekipamendu baten eraikitzeko) eta garaian pausatua izan zen txostenean aterbe baten eraikuntza aipu zela. Arreta handiz segituko dugu asmo horren bilakaera.
Hauteskunde garaian, ordezkatzen dugun taldeak, argi eta garbi adierazten zuen, euskal gatazkaren konponbidea gure lehentasunetarik bat zela. Gaur arte 4 hautetsik lan egin dugu bide honetan, gaur egun bosgarren hautetsi bat lotu zaio eskakizunari, Vincent Bru. Azpimarratu nahi dugu bere parte hartzea, Parisen alderdi guzietako hautetsiak biltzen dituen lan taldeetan. Baionan, apirilaren 8an, gizarte zibilak ozenki plazaratua zuen mezuarekin bat egiten dugu, eta Parisen izanen gira abenduaren 9an, ORAIN PRESOAK ETXERAT aldarrikatzeko.
Urte berria hurbiltzen zaigun honetan, Pantxok eta guhaurek dugun agiantza zabaldu nahi dizuegu, espero baitugu 2018 urteak, Lorentxaren itzulera ospatzeko okasionean emanen digula (oroitaraz dezagun azken 16 urte hauetan preso daukatela, etxetik 700 kilometrotara).
Argitxu Hiriart-Urruty, Philippe Bacardatz, Nathalie Aicaguerre, Amaia Beyrie
www.kanbo-nahidugunherria.eu