Aller au contenu

Kanboko Marieniako lurren babesteko deia

LURZAINDIA

2019ko martxoan, Lurzaindia, Nahi Dugun Herria eta CADE elkarteek, eta Kanboko biztanle batek, Kanboko THPa kontestatu genuen, Marieniako lautadari doakion parteari buruz, gaur egun duen laborantxa erabilpena babesteko.

Hiru urteko instrukzio luze baten ondotik, epaiaren erantzuna jaso genuen 2022ko uztailan. Epaileak ez ditu gure eskaerak ontzat hartu, eta laborantxa lur eder hauek eraikigarri mantendu ditu. Horren ondorioz irailean, epaiketa honi dei egin diogu.

Dei horri begira fidakor gira, lehen epaiketarako epaileak aitzinatu dituen argumentuak harrigarriak baitira, gure laborantxarentzat ondorioak ez balira hain damugarriak, irringarriak iduritzen ahal litzaizkiguke. Pirineo Atlantikoetako Laborantza Ganbarak « laborantxarako interes handiko lurrak baitira » Marieniaren eraikigarritasunari buruz kontrako iritzia eman zuen garaian, Prefetak « laborantxa aktibitatearen kondutan hartzeko beharra » azpimarratu zuen, debaldetan, epaileak erantzuten digu, lur hauen laborantxa balorea ez dela frogatua, ez baita bermatua Ezpeletako biperra eta Itsasuko gerezien landatzeko balio izan dezakeela!

Oroitaraz dezagun gaur egun lur honetatik elikatzen diren ardiek Ossau-Iraty izendapena duen esnea emaiten dutela, horrek nahikoa behar luke laborantxarako balioa baieztatzeko.

Bestalde lur hauek Ezpeletako biperraren JDG (Jatorri Deitura Gerizatua)-an kokatuak dira, lur hauek gaur egun ez dute izaera horren onespenik, sinpleki jabeek ez baitute galdera egin. Haatik lur hauekin mugan diren beste lurrek JDG izendapena dute. Bestalde «Itsasuko gerezia» emanen luketen gereziondoen landatzeko lur hauek arrunt egokiak lirateke.

Lur hauen laborantxa balorea ukaezina da, dei auzian frogatuko dugu, Ezpeletako biperraren eta Itsasuko Gerezien ordezkariek berresten diguten gisa.

Bestalde, Kanboko THPak laborantxa lurrak emendatzen dituela diote, kontrakoa frogatuko dugu. Matematika eragiketa bihurri bidez lortzen baitute emendaketa: Marieniako laborantxa lurrak kendu eta laborantxarako balio ez duten herri erdiko lur batzuk (jadanik eraikiak adibidez, edo etxe inguruetako baratzeak direnak) laborantxarako izendatuz, horrela lortzen dute laborantxa lur kopurua emendatzea.

Bizitzen ari garen krisia desberdinek, klima nahasmenduek, ahultasunak agerian uzten dizkigute, begi bistakoa da laborantxa lurren babesteko premia, espero dugu justiziak gure argumentuak entzunen dituela.

Azpimarratu nahi dugu ere hautetsiei doakiela, beste garai bateko THP hau berriz aztertzea, Kanbok gainera, etxebizitzak eraikitzeko jadanik urbanizatuak diren hainbat eremu balia ditzake.

Kanboko herritar eta laborariek borroka hau sustengatzen dute. Kanbon egin dugun azken manifestaldian berrogoi bat traktore hurbildu ziren, eta 1100 manifestari.

Urriaren 21etik 23ra mobilizazio asteburu bat antolatua izanen da, herritar oro hurbiltzen ahalko da babesa ematera eta informazioa hartzera.