Mila euroko isunak eskatu dituzte Ostiako lau auzipetuen kontra
Mila euroko isunak, erdi gibelapenarekin eskatu ditu prokuradoreak Ostiako lau auzipetuen kontra, Bouygues enpresak abiatu auzi saioan. Maiatzaren 14an emanen du epaia Baionako auzitegiak.
Bouygues Immobilierrek auzitan ezarri Ostia taldeko lau kideen inguruko epaia maiatzaren 14an jakinaraziko du Baionako auzitegiak. Atzo iragan zen auzia. Eguerditik deituak zituen herritarrak Ostiak, eta berrehun bat lagun bildu ziren Baionako auzitegi aitzinean, arratsalde osoan. Bouyguesek 24.732 euroren kalte ordainak eskatu ditu 2022ko abenduaren 17an Angeluko bere egoitzan lurra, lastoa eta ura botatzeagatik eta pegatinak itsasteagatik. Prokuradoreak lau auzipetuen zigortzea galdegin dio epaimahaiari egin kalte materialengatik eta Poliziak hartu nahi izan dizkien hatz markak edota DNA hartzea ukatzeagatik. 1.000 euroko isuna eskatu du bakoitzarentzat, 500 euroko gibelapenarekin. Alain Larrea Ostiakoen abokatuak Bouyguesen kalte ordainak herenera murriztea eskatu du, egin ez dituzten beste ekintza batzuk leporatzen baitizkie Bouyguesek.
Jakes Bortairu, Dominika Dagerre, Jeanine Beirie Xenbero eta Filipe Lazkarai Ostiako lau kideek euskaraz nahi zuten mintzatu atzoko auzian, eta Larrea abokatuaren bidez itzultzaile bat eskatu zioten epaimahaiari. Prokuradorea kontra agertu zen. Epaimahaiburuak esplikatu zuen ulertzen zuela haien galdea, baina jurisprudentziak zioela frantsesez mintzatzeko gai baziren ezin zitzaiela onartu eskaera. Euskaraz hitz egiten bazuten ez ziela debekatuko ulertarazi zien, baina «isilik egoteko» hautu gisa kontuan hartuko zuela. Utzi zituen beren burua euskaraz aurkeztera ere. Auzia bururatzean, auzipetuek hitza hartzeko aukera izan zutenean, gauza bera errepikatu zien, baina laurek euskaraz egin zuten mintzaldi osoa, eta epaimahaiburuak ez zituen moztu.
Laurek salatu zuten Bouygues multinazionala bere «interes pribatuaren» eta «etekinen» egiteko ari dela, eta ez denen interesaren alde. Marieneko lurren alde eraman borroka asumitu zuten guztiz, «herritarren eta lurraren onaren aldekoa» delako. Bortairuk epaileei hau erran zien: «Guk gure erantzukizunak hartu ditugu erronka larri baten aitzinean. Erronka ber-berak dituzue zuek herritar gisa, baina handiagoak dituzue juje gisa, erran behar baituzue zer den zuzena, zer den injustua». Laborantza lurraren defentsarekin, interes komunaren eta Bouygues obralariaren interes pribatuaren artean trenkatzeaz mintzo zen.
Lekukotasunak
Hiru lekuko deitu zituen Alain Larrea abokatuak epaitegiaren aitzinera: Lurzaindia laborantza lurren begiratzeko herritarren aurrezkiko eledun Maryse Cachenaut, CADE ingurumen elkarteko Martine Bouchet eta Kanboko oposizioko hautetsi Argitxu Hiriart-Urruti.
Kanboko auzo herriko Itsasuko laborari gisa, eremu horretan «atzeman ezina» bilakatua den laborantza lurraren defentsan herritar batzuk ikusten dituelarik «hunkituta» dagoela erran zuen Cachenautek, bere lekukotza ematea esplikatzeko. Azken 35 urte hauetan «250 hektarea laborantza lur artifizializatuak» izan direla salatu zuen. Mezu bat helarazi zien epaileei: «Janaria ekoizteko lur horiek babesteko tenorea da. Bouyguesen proiektua bezalakoei ‘aski da!’ errateko tenorea da. Aski baitugu ongi komunaren gainetik pasa daitezen».
Martine Bouchet CADE ingurumen elkartearen izenean mintzatu zen. Oroitarazi zuen Kanboko Herriko Etxearen hirigintza plana auzitara eraman zutela eta Paueko Administrazio Auzitegiak arrazoi eman ziela. Baina salatu zuen arte horretan Bouygues Immobilierrek uxer bidez mehatxatu» zituela, errekurtsoak utz zitzaten. Mehatxu horiekin asperturik, CADEkoak jakinarazi du auzitara jaukiko dutela Bouygues, «moral hertsapenaren bidezko estortsio saiakeragatik». «Ezin dugu Bouygues utzi bere dirua, boterea erabiltzen aurkarien isilarazteko, zigorgabetasun osoz», erran zuen Bouchetek.
Argitxu Hiriart-Urrutik Marieneko lurren historiko guzia egin zuen, Kanboko Herriko Etxeko hirigintza planen aldaketak eta horrek kukutzen zituen interesak aipatuz. Hark ere epaileei helarazi zien beren egitekoari buruzko mezua: «Keinu azkar bat helaraziko diezue herritarrei eta gazteei; horiek ez baitituzte gehiago onesten moralik gabeko praktika horiek».
Errekisizioak
Bouygues Immobilierren ordezkari lanetan aritu zen Antoine Beauquier Parisko abokatua. Kalte materialez gain, ekintza egunean Bouygues agentziako langileek bizi izan zuten «trauma» kontuan hartzea eskatu zuen, ekintza «bortitza» izan baitzen. 24.732 euroren kalte ordainak eskatu zituen, «fakturak lekuko», kalteek eragin konponketa lanen pagatzeko. Eta euro bat kalte moralagatik.
Prokuradoreak erran zuen ez zuela alor politikoan sartzeko gogorik, «ez baitzen lasai» horrekin, eta epaileei eskatu zien Bouygueseko Angeluko agentzian egin «degradazioetan» egotea. Egin kalteak zigortzea eskatu zuen, ikusiz eta auzipetuak hiriko eta Bouyguesen kameren irudietan agertzen zirela laurak; beste hogeita hamar bat kiderekin batera. Polizia etxeko galdeketa denboran batzuek hatz markak eta DNA, eta besteek soilik DNA ez emateagatik zigortzea ere eskatu zuen, nahiz jurisprudentzia orotarik badagoela oroitarazi alor horretan. Epaileen esku utzi zuen horren neurtzea. Bakoitzarentzat 1.000 euroko isuna galdegin zuen, 500 euroko gibelapenarekin.
Larrea Ostiakoen abokatuak umorez abiatu zuen mintzaldia, epaimahai buruari erranez: «Bai, zenbait lur eta lasto balde bota dira, eta, edozein artista famatu izan balitz horren egitera jautsi zena, kultur mundu oso bat bazenuke performantzia artistikoak xoraturik horren txalotzeko». Laborari batzuek azken asteetako mobilizazioetan egin kalteekin alderatu zuen ekintza. «Urrun gara hemen, Agengo (Okzitania) prefeturan egin 400.000 euroko kalteetarik». Ostiakoen kasuan auzi bat muntatu da, eta goizean goiz atxilotu zituen Poliziak. «Euskal Herrian garenez, eta militanteak direnez, orduko ameskerian kutxa irekitzen da: terroristak izan daitezke».
Larreak agerian eman zuen Bouyguesek eskatu diru zaman Angeluko agentziatik bestaldeko beste ekintza batzuen kalte-ordain eskaerak badirela (Baionako agentziako tindaketa batzuk), lau auzipetuen gain ezin ezarriak direnak. Ondorioz, kalte ordainetarik 16.176 euro kentzea galdegin zuen. Azkenik, hatz markak eta DNA ez emategatik zuritzea eskatu zuen, Europako auzitegiak hartu erabakiak berme.
Aski baikor atera zen Larrea auzi saiotik: «Uste dut argi zela denek ulertua zutela zer zen auzi horren mamia. Prokuradoreak kasik partekatu du gure kezka. Ulertu dute ez zela afera alimalea».
Epamaimahaiak maiatzaren 14rako finkatu du Ostiakoen kontrako auziaren erabakia emateko eguna.