Ekainaren 12an ELAN (Etxebizitza, antolaketa eta numerikoaren eraldaketa) lege proiektuaren lehen irakurketa bozkatu da. Azken hogei urteetan etxebizitzari buruz jadanik bozkatu den testu kopuru handiari gehitzen zaion beste bat gehiago. Baina EH Baien iritziz, 2000ko abenduko SRU legearen bertutezko helburuetatik urrun, lege honek jadanik prekarioak diren etxebizitza politikak are eta ahultzen ditu.
Lege proiektu honek aurreikusten dituen neurrien artean, batzuk zinezko atzerapena ekarriko lukete. Hauen artean pertsona elbarrituek eraikinetara sartzeko errazbidean egin ziren aitzinamenduetan gibelera egitea, edota itsasbazterreko legearen (loi Littoral) ahultzea, herrietako auzapen buru-haustea izateaz harago gune sensibleak babesten dituen legea hain zuzen ere.
Baina txarrena etxebizitza sozialen politikan doa dudarik gabe, legeak ekartzen duen neurri nagusiak alokairuzko etxebizitza sozialen urteroko salmenta 40 000-ra igoko duelako. EH Bai-k, etxebizitza ibilbidea bultzatzeko borondatea partekatzen badu ere, partez jabegora heltzeko laguntzaren gainean indar baten eginez, eta eragile sozialek beraien inbertsio ahalmena handitzeko duten beharra ulertzen badu ere, alokairuzko etxebizitza sozialen kalteetan egin dadila ezin du onartu. Batez ere aurreikusia denean neurri honek, epe mugatu batentzat bada ere, saldutako etxeak herrietako SRU etxebizitza sozialen kopuruetan mantenduko lituzkeela. Entzuten da etxebizitza sozial saldu batek beste 3 edo 4en eraikuntza ahalbidetuko lukeela ; baina nola pentsatu Biarritz bezalako herri batek, etxebizitza sozialetan ikasle txarrenak, lur eraikigarrien gabeziaz pleinitzen denak, horrelako « konpentsazio » bat eginen lukeenik ?
EH Baien iritziz, neurri honekin ELAN legeak azken urteetan etxebizitzaren gaian lortu den apurra saboteatzeko balio du. Batez ere Euskal Herria bezalako zonalde turistiko prezatu batean, nun eta zainketa neurri zehatzik hartu ezean, bidea zabaltzen zaion diruztatze publikotik eratorritako ondasun hauen gaineko espekulazio basari. Bestalde, etxebizitza sozial berriak eraikitzea bultzatuko duenez, lege honek lurren kontsumoa eta itsasbazterraren periurbanizazioa areagotuko lituzke, mugikortasunean, garapen ekonomikoan eta osasun publikoan dituen ondorio guziekin.
EH Bai-k Macronen presidentetzak dakarren ekonomiaren liberalizazio prozesuaren azeleratzea deitoratzen du. Oroitarazi nahi du etxebizitza, bizitzeko beharrezkoa delako, ezin dela merkantzia bat bezala kudeatu, eta horregatik, haren sanktuarizazioa beharrezkoa dela. Proiektu horren eramaile den parlamentuko gehiengoaren parte diren heinean, Lasserre eta Bru diputatuek legeak datozen urteetan utziko dituen ondorioei begira euskal herritarren aitzinean erantzun beharko dute. Oraindik bi hilabete gelditzen zaie iritziz aldatzeko, iraileko behin betiko onarpena baino lehen. Uztailean testua Luxembourg auzoko jauregitik pasako denean, Espagnac eta Brisson senatariek hartuko duten jarrera ere zainduko da.