Ideologia ?
Urtarrilaren 6an, Kanboko herriko etxeko agiantza zeremonian izan gira, guk ere Kanboarrei urte berri on baten desiratzeko asmoz. Karia hortarat, hor zirenei poltsatxo bat eskaini diegu. Hortan, Marieniako lur pixka bat aurkitzen ahal zen, baita ere ondoko testua :
« Jaun Andereak,
Esku artean duzun poltsatxoak balio haundia du. Artoski atxik ezazue ! Marieniako ordokiko laborantxa lurraren lagina da.
Urte batzuen buruan zure bilobei erakusten ahalko diezue erranez: « Garai hartan laborariak baziren Kanbon. Orain betoinez estalitak diren lur horietan janaria ekoizten zuten jendeak ziren ».
Zergaitik ez den gehio galdetzen badizuete, denboran auzapez jostakin batek bere lagunen interesak, interes orokorraren gainetik ezarri zituela erantzun beharko diezue. Bixtan dena, etxebizitzak ekoiztu behar zirela zioen, baina segurazki ahantzia zuen kanboarrek etorkizunean ere jan beharko zutela, eta, ondorioz, Kanbon ziren laborantzako lurrak suntsitzen ahal zirela pentsatzen zuen.
Haren burugogorkeria harrigarria zen, ongi baitzakien Kanbon jadanik artifizializatuak ziren leku anitzetan etxebizitzak eraikitzea posible zela : 2023an SOLIHAri manatu zion ikerketak erakusten zuen 140 etxebizitza bazirela, estrukturalki hutsak, gure herri ederrean.
Jaun Andereak, etorkizun hori ez da fatalitatea. Proiektu hau geldiaraz daiteke oraindik. Kanboko auzapezak PLUIa erabil dezake Marieniako ordokia laborantzako lur gisa berriz sailkatzeko eta, horrela, proiektu arkaiko horrekin bukatzeko.
2024rako, gure herriko auzapezari desiratzen diogu, herri xarmant honen, bertako biztanleen eta laborantzako lurren etorkizunari buruzko norabide aldaketa zintzoa eta buruargitasun ainitz.
Eta bistan dena, zueri 2024 urte berri on eta zoriontsu bat desiratzen dizuegu ! ».
Dena giro goxo batean iragan da, auzapez jaunaren mintzaldia hasi arte. Orduan, pertsona bat kontseiluko gelatik bortitzki kanporatua izan da. Horrek protesta ohiu batzu sortarazi ditu, bainan lasaitasuna fite itzuli da.
« ideologia batek sekulan ez du proiektu bat eginen »
Bere mintzaldian, Marieniako proiektua aipatuz, auzapezak hau adierazi du : « ideologia batek sekulan ez du proiektu bat eginen ». Bainan, zoin ideologiaz ari ote da ? Bakar batzuen interesak, interes orokorra aintzinetik, pasarazten dituena?
GIECeko txosten guziek klima aldaketaren ondorioek elikaduraren segurtasunik eza ekarriko duten garaiez ohartarazten gaituzten denbora berean, etxaldeen kopurua tipitzen da, Euskal Herrian beste lekuetan bezela. Ondoko belaunaldien elikadura ez da batere segurtatua. Ondorioz, laborantxako lurren babestea ez da ideologia bat, zentzu ona baizik. Haien suntsitzea erokeri bat da.
Auzapez jauna etxebizitza sozialen eskasaz arduratzen bada, SRU legearen ez errespetatzeak ekartzen dituen isunengatik baizik ez da. Aldiz, gu, etxebizitzaren problematikak beti kezkatu gaitu, eta herriko kontseiluan girenetik horri buruzko proposamenak egin ditugu. Besteak beste, urbanizagarri diren Beaulieu klinika ohiaren 4 hektareak, herriko etxeak, EPLFa baliatuz, 2021ean erosi zuena. Bitxi bada ere, gune hau ez da herriko etxearen lehentasunetan, Marienia ez bezela. Alta, hor etxebizitza soziala ainitz eraiki ditaizke.