Skip to content

PRENTSA AGIRIA

Kanbon apirilaren 10ean iragan den herriko kontseilua, hortan parte hartu duten guzientzat gogorra izan da.

Beren alde ala kontrako ikuspundua agertu dutenei, bilkuran izan gabe, lekukoak izan girenek datuak aurkeztu nahi dizkiegu.

Finkatua zen bezala, kontseilua 19.30tan hasi zen. Jandarmak, uniformez eta zibilez, gelaren inguruan eta barnean ziren. Horrek laborarien ekintza bat aurreikusia zela sinesterat uzten dauku.

Laborariak 20.00ak irian sartu dira, Marieniaren proiektuaren kontrako salaketa ozenki erakutsiz. Baimenik gabeko sartze hori gertatu da auzapezak sistematikoki errefusatu baitu delegazio batekin solastatzea. Ohartarazi nahi dugu zenbait hilabete hunetan laborantxako lurren babeste kolektibo bat, konflikto honi konponbide bat atxeman nahiz, etengabe dialogo bat sortarazten entseatzen dela.

Jokoan dena : lur emankorren babestea. Laborarien kexua helburuaren araberakoa da !

Bi orenez, auzapezak ez ikusiarena egin du. Ez die hitzik erran, ez die hitza eman, ez eta hitzordurik proposatu.

Auzapezak hautatzen du bi orenez, harrabotsaren erdian, 100 jende eta 25 hautetsi atxikitzea. Egoera usteltzera uzten du, tentsio handia sortuz.

Bi orenez, manifestarien aldetik ez da den mendreneko nahasmendu, irain, ahoz edo gorputz agresiorik izanen.

Devèze jaunaren bi orenez iraun duen mespretxuz betetako isiltasuna, jatera ematen digutenentzat, ulertezina da.

Kontseilua gelditzeko erabakia hartu orduko denak gelditu dira, harrabotsa eta manifestaldia.

Gelatik ateratzean, jandarmez eta listakideez inguraturik, laborarien artetik pasatzean, zenbait segundutako bulkada baten ondorioz Devèze jaunak oreka galdu du eta erori da. Ez da erasorik izan, ez da joa izan, ez eta ere iraindua.

Bistan dena dolu dugu Auzapez Jaunari gertatu zaiona eta ahal bezain fite berpixkola dadin desiratzen diogu.

Guretzat, oposizioko hautetsiak, argi da ez girela polemika antzu batean sartuko. Egiten ari diren nahasketak salatzen ditugu. ELB eta Lurzaindiaren ekintza ez zen Devèze jaunaren kontrako ekintza bat.
Ez ditugu eskuak ur zikin horietan zikindu nahi.

Atzo beste aterabide bat posible zen. Auzapez jaunak hastapenetik kontseilua ateak hetsirik egitea erabaki zezakeen, ala manifestanteak sartu zirelarik hitza ala hitzordu bat ematen ahal zien.
Eztabaida eta kontzertazioa proposatzen segituko dugu. Gure hautetsi rola betetzen segituko dugu, erantzun politikoak xerkatuz laborantxako lurren babesa, herrien artean hartu orientabideen arabera, kondutan hartua izan arte.

Kanbon egina 2024k apirilaren 11n.
Nahi Dugun Herria