Urriaren 21etik 23ra Marieniako lurrak okupatzera deitu dute
Kanpaldia antolatuko dute Kanbon laborantza lurren salmenta salatzeko. Ipar Euskal Herriko borroken topagune izatea nahi dute
Auzitegietan eta lurretan. Bietan borrokatu nahi dute Kanboko (Lapurdi) Marieniako laborantza lurrak salbatzeko. Hala iragarri dute azken hilabeteetan eremu horren salmenta espekulatiboa salatzeko bildu diren eragileek. Kanpaldi bat antolatuko dute heldu den urriaren 21etik 23ra, «mobilizatzeko eta informatzeko», baina Ipar Euskal Herrian abian diren borroka ezberdinen topagune izatea ere nahiko lukete: «Elkarren artean antolatzeko aukera».
Prentsaurrekoa egin zuten atzo goizean, Kanbon, aferaren azken berriak emateko. Marieniako lurrak eraikigarri bilakatu zituen hirigintza planari helegitea jarri zioten 2019an Lurzaindiak, Nahi Dugun Herria Kanboko talde politiko abertzaleak eta ingurumenaren defentsarako CADE elkarteak. Aurtengo uztailean jaso dute erantzuna: Paueko Administrazio Auzitegiaren arabera, lur horien laborantza balioa ez da frogatua. Maryse Cachenault Lurzaindiko eledunak erabakia gaitzetsi zuen atzo. «Gaur egun, lur horietarik elikatzen diren ardiek Ossau-Iraty sor-markako izendapena duen esnea ematen dute», ohartarazi zuen. Horrez gain, Ezpeletako piperra eta Itsasuko gereziak ekoizteko lur egokiak direla frogatzeko asmoa ere agertu zuen, auzitegiak hori ere ukatu baitu. Bi sor-marketako elkarteengana joko dute horretarako. «Hamar urteko haur batek ikus lezake lur hauek laborantzarako interesa dutela. Edozein laborarik pozik hartuko lituzke».
Oroitarazi zuen joan den astean Donibane Lohizunen (Lapurdi) sei hektareako lurrak berreskuratzea lortu zutela, bederatzi urteko borrokaren ondotik. «Arrazoi dugu. Ez dugu laxatuko», adierazi zuen.